Berriak

Balkanetako antzinako genomek Europa eslaviarra nola moldatu zen erakusten dute

Iñigo Olalde, EHUko Ikerbasque eta Ramón y Cajal ikertzaileak zuzendu du historia berreraiki duen ikerketa bat, Biologia Ebolutiboaren Institutuarekin (IBE: CSIC-UPF) eta Harvard Unibertsitatearekin batera, Balkanetako penintsulako lehen milurtekoaren genomika aztertuz. Horretarako, taldeak garai horretan egungo Kroazia eta Serbia bizi ziren antzinako 146 pertsonen genoma berreskuratu eta aztertu dute. Cell aldizkari ospetsuan argitaratutako lanak Balkanak Erromatar Inperioaren muga global eta kosmopolita gisa erakusten ditu eta eslaviar herrien etorrera eskualde honetara berreraikitzen du.

Lehen aldiz, erroma inperialaren menpe Balkanetan bizi ziren afrikar jatorriko hiru pertsona identifikatu ditu taldeak. Bestalde, ikerketak egiaztatzen du VI. mendean hasitako eslaviar herrien migrazioak Europa osoko aldaketa demografiko iraunkorrik handienetarikoa izan zela, honen eragin kulturalak gaur egun arte iraun duela.

Erromatar Inperioak Balkanak eskualde global bihurtu zituen

Erromatar Errepublikak lehenik eta Erromatar Inperioak gero Balkanak barneratu zituzten eta muga-eskualde hau komunikazioen bidegurutze eta kulturen topaketa-leku bihurtu zuten. Hori baieztatzen du ikerketak, agerian utziz inperioaren bizitasun ekonomikoak urruneko tokietako pertsonak erakartzen zituela eskualde honetara.

Antzinako DNAren analisiaren bidez, taldeak identifikatu ahal izan du, eskualdeko erromatarren mendean, Anatoliako penintsulan (egungo Turkian kokatua) ekarpen demografiko handia egon zela, eta Balkanetako populazioetan arrasto genetikoa utzi zuena. Hala ere, aztertutako genometan ez da arbaso italiarren arrastorik ikusten. «Ekialdetik zetozen populazio hauek Balkanetako tokiko gizartean guztiz integratuta zeuden. Viminacium-en, adibidez (erromatarren hiri nagusietako bat, gaur egungo Serbian kokatua), salbuespenez aberatsa den sarkofago bat aurkitzen dugu, non bertako arbasoetako gizon bat eta anatoliar jatorriko emakume bat lurperatu zituzten" komentatzen du Iñigo Olaldek, artikuluaren lehen sinatzaileak.

Erromatar Inperioa erori baino askoz lehenago hartu zituen populazio barbaroak

Ikerketak Balkanetako penintsulan III. mendean, erromatarren okupazioaren garaian, bizi izan ziren Europako iparraldeko eta estepako arbasoetako pertsona batzuk identifikatu ditu. Haien burezurren azterketa antropologikoak agerian uzten du haietako batzuk artifizialki deformatuak zeudela, estepa eta hunoen populazio batzuen ohiko ohiturara, askotan "barbaroak" deituak.

Emaitza hauek ikerketa historiko eta arkeologikoak onartzen dituzte eta Inperioaren mugetatik kanpo, Danubiotik haratago, Mendebaldeko Inperioa erori baino askoz lehenagotik datozen gizabanakoen presentzia erakusten dute. “Inperioaren mugak gaur egungo nazio estatuen mugak baino askoz zabalagoak ziren. Danubioak Inperioaren muga geografiko gisa balio zuen, baina komunikazio bide gisa jokatzen zuen eta jendearen mugimenduarentzat oso iragazkorra zen", dio Pablo Carrión IBEko ikertzaileak eta ikerketaren lehen egileak.

Populazio eslaviarrek Balkanetako eskualdeko demografia aldatu zuten

Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren, eta bereziki VI. mendetik aurrera, ikerketak agerian uzten du Balkanetara eskala handian iritsi zirela Ekialdeko Europan eslabiar hiztun modernoen populazio genetikoki antzekoak diren gizabanakoak. Haien aztarna genetikoa gaur egungo Balkanetako herrien arbasoen % 30 eta % 60 artean aurkitu daiteke, Migrazio Handien garaian Europako edozein lekutan aldaketa demografiko iraunkorrik handienetako bat suposatuz.

Ikerketak aurreko aldietan Ekialdeko Europako gizabanakoen etorrera puntuala antzematen badu ere, VI. mendetik aurrera migrazio olatu indartsua ikusten da. "Gure antzinako DNA analisien arabera, eslaviar hiztunen populazioen etorrera Balkanetara hainbat belaunalditan gertatu zen eta gizonak eta emakumeak barne hartzen zituzten familia-talde osoak parte hartu zuen", azaldu du Carrionek.

Azterketak ere identifikatzen du Balkanetan populazio eslaviarren ezarpena handiagoa izan zela iparraldean, % 50 eta % 60 arteko ekarpen genetikoa izan zela egungo Serbian, eta pixkanaka txikiagoa hegoalderantz. "Bere ondare genetikoa ikusgai dago gaur egungo Balkanetako eslaviar hiztunen populazioetaz gain, gaur egun eslaviar hizkuntzak hitz egiten ez diren eskualdeetan dauden beste talde batzuetan ere, hala nola Errumanian eta Grezian", adierazi du David Reich Harvardeko ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa

Olalde & Carrión et al. A genetic history of the Balkans from Roman frontier to Slavic migrations. Cell. DOI: 10.1016/j.cell.2023.10.018