Berriak

Behatutako polimorerik konplexuena

Ikerbasqueko irakasle den Alejandro J. Müllerrek (POLYMAT–Euskal Herriko Unibertsitatea, EHU) eta Nikos Hadjichristidis (KAUST, Arabia Saudia) buru dituen nazioarteko talde batek erakutsi du bost bloke desberdin eta potentzialki kristalizagarri dituen polimero batek bere kabuz antolatzeko gaitasuna duela, barne-egitura erabat berria sortuz. Nature Communications aldizkarian argitaratu den ikerketan Eider Matxinandiarena izan da artikuluaren lehen egilea, eta Ricardo A. Pérez-Camargok parte-hartze nabarmena izan du ere; biak POLYMAT-EHUko ikertzaileak dira.

Aztertutako materiala bost polimero desberdinek osatzen dute: polietilenoa (PE), polietilen oxidoa (PEO), poli(ε-kaprolaktona) (PCL), poli(L-laktida) (PLLA) eta poliglikolida (PGA). Guztiak dira biobateragarriak eta hiru (PCL, PLLA eta PGA) biodegradagarriak. Bost bloke hauek esferulita berean integratzeak hainbat funtzio modu kontrolatuan bateratzea ahalbidetzen du.
Aplikazio potentzialak honako hauek dira:

  • Medikuntza birsortzailea. Ehunen ingeniaritzarako egiturak diseinatzea, fasez fase degradatzen direnak: hasieran euskarri mekaniko sendoa emanez, eta ondoren bigunagoak diren faseak garatuz, ehunen birsorkuntza erraztuz.
  • Farmakoen askapen kontrolatua. Bloke bakoitza bere desintegrazio-abiadura propioa duenez, sendagaiak une zehatz eta desberdinetan askatzeko aukera ematen dute.
  • Teknologia aurreratuak. Egitura hierarkikoaren kontrolari esker ezaugarri mekaniko, termiko edo optiko erregulagarriak dituzten materialak garatzea, errendimendu handiko aplikazioetarako egokiak.

Lana munduko aldizkari zientifiko ospetsuenetako batean argitaratu da, bere zehaztasun eta zorroztasun metodologikoagatik. Horretarako, karakterizazio aurreratuko teknikak erabili ziren, EHUko laborategietan, ALBA sinkrotroian eta Zaragozako Unibertsitatean eskuragarri daudenak. Neurketak zehatzak izan behar dira, sortzen diren kristalak elur-maluten kristalak baino gutxi gorabehera milioi bat aldiz txikiagoak direlako. Horrela, taldeak zehaztu zuen kristalizazioa modu sekuentzial eta hierarkikoan gertatzen dela: PGA → PLLA → PE → PCL → PEO

Bloke bakoitza aurrekoak sortutako egituran kristalizatzen da, materiala geruzaz geruza eraikiz. Kontrol hierarkiko horrek ez du soilik zein zatitan kristalizatzen den zehazten, baizik eta nola, noiz eta non, eta hori funtsezkoa da propietate funtzional aurreratuak dituzten materialak diseinatzeko.

Esferulitek Malta gurutze positiboaren eredu optiko bereizgarria erakusten dute, eta horrek adierazten du kate polimerikoak zentrotik kanporantz orientatzen direla, gurpil baten erradioen antzera. Antolaketa erradial horrek fase guztiek jarraitutasuna izatea bermatzen du, nahiz eta kimikoki desberdinak izan.

Nazioarteko lankidetza estrategikoa

Lan hau nazioarteko hainbat lankidetza proiektuen parte da, hauen artean POCTEFA AcroBioPlast proiektu europarra, biopolimero berritzaileak ikertzen dituena, biomedikuntza aplikazioetarako (poctefa-acrobioplast.com).

Erreferentzia

Matxinandiarena, E.; Pérez-Camargo, R. A.; Sebastián, V.; Zhang, P.; Ladelta, V.; Hadjichristidis, N.; Müller, A. J. (2025). Can five chemically different lamellar crystals self-assemble in a single spherulite? Nature Communications, 16, 9873. https://doi.org/10.1038/s41467-025-64845-6