Berriak

Laboreen mesedeko bakterio batek landare-patogenoen aurka darabilen “arma sekretua” agerian utzi du

Biofisika Institutuko (CSIC, EHU) David Albesa-Jové Ikerbasqueko ikertzailea eta Sevillako Unibertsitateko Patricia Bernalen laborategia buru dituen ikerketa-talde batek aurrekaririk gabeko xehetasunez argitu ditu Pseudomonas putida bakterio onuragarriari landare-patogenoak ezabatzea ahalbidetzen dioten mekanismo molekularrak.

Ikerketa The EMBO Journal aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta mikroorganismo horrek laboreen berezko bizkartzaina balitz bezala jokatzen duela frogatu du, kontrol biologikorako agente gisa duen eginkizuna indartuz.

Pseudomonas putida ez da bakterio arrunta: landareak babesten ditu hauen etsai naturalak ezabatuz, fitopatogenoak alegia, eta horretarako, VI. Motako Jariatze Sistema (T6SS) deritzon eraso-mekanismo sofistikatua erabiltzen du, izan ere, nanomakina berezi honek toxinak aurkako zelula bakterianoetan zuzenean txertatzeko gaitasuna du. Bereizmen handiko kriomikroskopia elektronikoaren erabilerari esker, ikertzaileek zehatz-mehatz deskribatu ahal izan dute sistema honetako funtsezko piezetako baten funtzionamendua: Tke5 toxinarena.

Emaitzek erakutsi dutenez, Tke5 eraginkortasun handiko toxina modularra da. Bere eremu alfa-helikoidala da bakterio patogenoen mintzean poroak sortzeaz arduratzen den nukleo toxikoa, horien oreka ionikoa aldatuz eta heriotza eraginez, baina zelularen osotasun globala kolokan jarri gabe. Bestalde, beta xafletan aberatsa den eskualdeak hargailuekin lotzeko eremutzat lan egiten du, toxina aurkako zelularen mintzari lotzeko ainguraketa espezifikoa erraztuz eta prozesuaren eraginkortasuna bermatuz.

Artikuluaren erreferentzia: Velázquez, C., Zabala-Zearreta, M., et al. (2026). Structural insights into the antibacterial function of the Pseudomonas putida effector Tke5. The EMBO Journal. https://doi.org/10.1038/s44318-025-00689-6