
Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak kudeatzen duen i2basque Euskadiko Sare Akademiko eta Ikerketa Sareak azaroaren 15etik 20ra bitartean egingo den esperimentu batean parte hartuko du. Esperimentu horren bidez, konektibitate seguruko soluzioak eta sakoneko segurtasun-ikuspegia aplikatzen duten sareak ezartzea bideragarria dela frogatuko da. Hau da, kontrol independenteen hainbat geruza erabiltzen dituen zibersegurtasun-estrategia baten bideragarritasuna erakutsiko da.
Horretarako, sareko kokapenen artean eskuragarri dauden gakoak banatzeko mekanismoetan oinarritutako konektibitate-soluziorik egokiena eskainiko da: Gako Kuantikoen Banaketa (QKD) edo Kriptografia Postkuantikoa (PQC). Horretarako, EHUk garatutako QuLore¹ lan-esparrua erabiliko da, ikerketaren eta hezkuntzaren (R&E) esparruan garatutako gakoak kudeatzeko bi sistemarekin (KMS) batera: SURFek garatutako edukms eta EHUk garatutako vMKS.
Zehazki, mehatxu kuantikoen aurrean seguruak diren komunikazioak erakutsiko dira hiru mailatan:
- Sare-mailan: bi sare korporatiboren artean, IPsec bidez.
- Maila optikoan: DWDM sistemen bidez.
- Aplikazio-mailan: azken erabiltzaileen aplikazioen artean.
Erakustaldiak hainbat konexio izango ditu:
- Transmisio optikoko bi sistema-pare, zuntz optiko bakar baten bidez hainbat datu-seinale bidaltzeko aukera ematen dutenak, espektro infragorriko argi-sorta edo uhin-luzera (kolore) desberdinak erabiliz (DWDM). Sistema horiek SuperComputing erakusketa-eremuko CIENA eta PCCS kokapenen eta EHUren Bizkaiko campuseko bi kokapenen artean hedatuko dira: Bilboko Ingeniaritza Eskola eta Zamudioko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (CFAA).
- IPsec bidez babestutako bi konexio, konputazio kuantikoarekiko erresistenteak diren protokolo kriptografikoak (PQC) erabiliko dituztenak. IPsec sare publikoetan edo Interneten bidezko komunikazioak babesten dituen estandar multzoa da. Konexio horietako bat PCCSren eta SURFek Amsterdamen dituen instalazioen artean ezarriko da, eta bestea azken instalazio horien eta Zamudioko CFAAren artean.
- Azken erabiltzaileen hainbat aplikazioren arteko IP konexioak. Kasu honetan, kode irekiko bideokonferentzia-aplikazio bat egokitu da, audio- eta bideo-trafikoa zifratzeko konputazio kuantikoaren aurrean seguruak diren gakoak (quantum-safe keys) erabil ditzan. Gako horiek zuzenean lor daitezke Gako Kuantikoen Banaketaren (QKD) bidez, edo gakoak birtransmititzeko sistema baten bitartez.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu jarraian erantsitako dokumentua:
Informazio gehiago (ingelesez)
.png)

