Berriak

ERC proiektu berria forma irregularren eredu geometrikoak aurkitzeko

Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroak matematikako oinarrizko ikerketaren nazioarteko abangoardian duen lekua sendotu du, Europako Ikerketa Kontseiluak (European Research Council, ERC) Andrea Merlo Ikerbasqueko ikertzaileari Starting Grant laguntza (ERC StG 2026) eman ostean. DARTS proiektuak (*Densities and regularity of tangents in metric measure spaces*) 1.450.073 euroko finantzaketa izango du, bost urteko iraupena (60 hilabete), eta 2027ko urtarrilaren 1ean abiatuko da ofizialki BCAMen Bilboko egoitzan.

ERC Starting Grant laguntzak Europako aintzatespenik preziatuenak dira zientziaren mugak zabaltzen dituzten ikerketak gidatzeko gaitasuna erakutsi duten ikertzaileentzat. DARTS proiektuaren bidez, Andrea Merlok Neurriaren Teoria Geometrikoan (GMT) duela hiru hamarkada baino gehiagotik ebatzi gabe dauden arazoei helduko die. Horretarako, espazio metriko ez-euklidearren geometria, diferentziagarritasun kuantitatiboa eta deribatu partzialetako ekuazioen (DPE) mugalde-problemak lotuko dituen esparru bateratua garatuko du.

Geometria metrikoaren eta ekuazio diferentzialen arteko zubi matematikoa

Azken hamarkadetan, analisi geometrikoaren oztopo nagusietako bat izan da neurridun espazio metrikoetan dentsitateak eta espazio ukitzaileen egitura analitikoki lotuko dituen printzipio bateratzailerik eza. Era berean, orain arte ez da irizpiderik izan jakiteko noiz bermatzen duten Carnot-en taldeetan tokian-tokian modelatutako espazio ukitzaileek erregulartasun geometriko globala.

DARTS proiektuak garrantzi handiko hiru helburu zientifiko ditu.

  • Espazio metrikoetako dentsitatearen problema ebaztea. Frogatu nahi da dentsitate positiboak eta finituak egoteak berekin dakarrela, ia puntu guztietan, espazio ukitzaileak (Gromov–Hausdorff-en zentzuan) Haar-en neurria duten talde metriko uniformeak izatea. Horrela, Preiss-en teorema ezagunaren analogo metrikoa ezarriko litzateke, eta 1 dentsitatearen problema historikoa ebatziko litzateke.
  • WALA aierua frogatzea eta errektifikagarritasun uniformea ezartzea. Frogatu nahi da Lipschitz-en funtzioen hurbilgarritasun afin kuantitatiboak (WALA propietateak) errektifikagarritasun uniformea dakarrela, bai \(\mathbb{R}^n\) espazio euklidearrean, bai espazio metrikoetan. Horrek tresna erabakigarriak emango lituzke duela 30 urte baino gehiago planteatutako eragile eliptikoen erregulartasunaren problemari heltzeko.
  • Marstrand–Mattila-ren errektifikagarritasun-irizpidea espazio metrikoetara hedatzea. Zehaztu nahi da noiz bermatzen duten Carnot-en talde baten gainean modelatutako espazio ukitzaileek talde horrekiko errektifikagarritasun bi-Lipschitz-a. Horretarako, Besicovitch motako proiekzio-teoremak eta Reifenberg-en disko lauaren teoremak landuko dira, Carnot-en taldeak eredu hartuta.

Matematika hutsean duten balio handiaz gain, emaitza horiek aukera emango dute ekuazio zinetiko endekatuetako mugalde-problemek noiz duten soluzioa zehaztasunez aztertzeko. Horren adibide dira Kolmogorov–Fokker–Planck-en eragileak, muga irregularrak dituzten eta denboran zehar aldatzen diren domeinuetan. Horrela, geometria abstraktua problema fisiko errealekin lotuko da.