Berriak

Aurkikuntza erabakigarria alzheimerraren ikerketan

Alzheimerren gaixotasunaren enigmak bere horretan dirau komunitate zientifikoarentzat, baina “Science” aldizkari ospetsuan argitaratu berri den ikerketa batek gaixotasun suntsitzaile horren atzean dauden mekanismoak azaldu ditu. Ikerketa hau ikertzaile-talde berak 2017an argitaratutako ikerlan baten jarraipena da, eta erantzuna eman dio galderarik funtsezkoenari: nola hiltzen dira neuronak gaixotasun honetan?

Galdera honi heltzeko, Achucarro Neurozientzia Zentroari atxikitako Amaia Arranz Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen ikerketa-taldeak giza-neuronen eta saguaren neuronen transplanteak egin zituen Alzheimerren gaixotasuna zuen sagu-eredu baten garunean. Emaitzak harrigarriak izan ziren: giza-neuronetan baino ez ziren agertu gaixotasunaren markatzaileak, hala nola, Tauren fosforilazioa, haril neurofibrilarrak eta, garrantzitsuena, heriotza zelularra. Era berean, eredu horretako giza-neuronek MEG3aren adierazpen sendoa zutela ikusi zuten, eta RNA ez-kodetzaile honen maila altuak Alzheimerra duten pazienteengan ere agertzen dira. Antza denez, MEG3aren adierazpen altu hau giza-neuronen heriotza zelularrarekin lotuta dago. Zehazkiago esanda, MEG3ak “nekroptosia” deritzon heriotza zelularra eragiten bide du giza-neuronetan, zelula horien behin-betiko galera eraginez.

MEG3aren eta giza-neuronen nekroptosian duen eginkizunaren identifikazioari esker, sakonago ulertu ahal izango dira Alzheimerren gaixotasunaren azpian dauden mekanismoak, eta horren harira, MEG3 helburu garrantzitsua izango da Alzheimerra duten pazienteen neuronen heriotza prebenitzea xede duten etorkizuneko ikerketa eta terapietan. Garrantzi handiko aurkikuntza da, izan ere, heriotza neuronala Alzheimerren gaixotasunaren ezaugarri nagusia da, pazienteen defizit kognitiboen eta dementziaren eragilea.

Heriotza neuronal honen azpian dauden mekanismoak sakon ulertzea funtsezkoa da tratamendu eta diana terapeutiko eraginkorrak bilatzeko, eta egun gaixotasunaren sintomak modu eraginkorrean sendatzen edo arintzen dituen sendagairik ez dagoenez gero, honelako aurkikuntzek atea irekitzen diote zelula neuronalen galera prebenitzeko terapien garapenari, gaixotasunaren aurrerakada atzeratuz edo saihestuz.

Amaia Arranz ikertzailearen esanetan, “gure aurkikuntzak itxaropentsuak dira eta ikuspegi berriak zabalduko dituzte Alzheimerren gaixotasunaren ikerketan. Giza-neuronetan heriotza neuronalaren mekanismo espezifiko bat identifikatu tea balizko tratamendu bat proposatzean, aurrerapauso garrantzitsua ematen ari gara gaixotasun honen aurkako terapia eraginkorrak bilatzeko bidean”.

Erreferentzia bibliografikoa

Balusu S, Horré K, Thrupp N, Snellinx A, Serneels L, Chrysidou I, Arranz AM, Sierksma A, SimrénJ, Karikari T, Zetterberg H, Chen WT, Thal DR, Salta E, Fiers M, De Strooper B (2022). MEG3 activates necroptosis in human neuron xenografts modelling Alzheimer’s disease. Science, 2023. https://www.science.org/doi/10.1126/science.abp9556

2017Aan argiratutako ikerkuntza: https://www.cell.com/neuron/fulltext/S0896-6273(17)30058-2?_returnURL=https%3A%2F%2Flinkinghub.elsevier.com%2Fretrieve%2Fpii%2FS0896627317300582%3Fshowall%3Dtrue