
Uztailaren 22an ospatuko den Garunaren Munduko Egunarekin bat eginez, Biofisika Institutuak (CSIC, EHU eta BERC zentroa - Basque Excellence Research Centre) beren-beregi nabarmendu nahi izan ditu bere taldeetako batek garunaren arkitektura mikroskopikoaren ulermenean egin dituen aurrerapenak. Jan Tönnesen buru duen taldeak, zuzeneko behaketetan orain arte ia eskuraezina zen lurraldea zuzenean ikustea lortu du: zelulaz kanpoko espazioa, neuronak banatzen dituen tarte ñimiñoa.
Espazio hau giltzarrizkoa da komunikazio neuronalerako, bertan hedatzen baitira zelulen arteko seinaleen trukea ahalbidetzen duten neurotransmisoreak. “Tradizionalki, neurona igorlea eta hartzailea izan dira ikerketaren ardatz. Gure ikuspegia neuronen arteko inguruneak berak seinale hori nola modulatzen duen ulertzea da”, azaldu du Tönnesen ikertzaile nagusiak.
Aurrerapen hau egiturak eskala nanometrikoan behatzeko aukera ematen duen fluoreszentzia-mikroskopiaren belaunaldi berri bati esker egin ahal izan da. Teknika super-resolution shadow imaging (SUSI) deitzen da, eta zelulaz kanpoko espazioaren geometria zehaztasun handiz ikusteko aukera ematen duen kontraste negatiboa egiten du. Ikuspegi honek egituren antolaketak kognizioan, garunaren zahartzean nahiz patologien garapenean duen eragina ikertzeko aukera erraztuko du.
“Arrakasta baldin badugu, etorkizunean hobeto bideratu ahal izango ditugu gaixotasun neurodegeneratiboetarako terapiak, Parkinson Gaixotasuna barne, edo hobeto ulertu ahal izango dugu nola gertatzen den adinari zein faktore biologikoei lotutako narriadura”, adierazi du Alejandro Fierro taldeko doktorego-aurreko ikertzaileak. Eguneroko jardunean, zelula-kultibo biziak mantentzen ditu ehunak baldintza kontrolatuetan ikustea ahalbidetzen duten bitarteko espezializatuen bidez.
Kultibo horiek glukosarekiko mendekotasun handia duen garunaren ingurune energetikoa erreproduzitzeko diseinatutako soluzioekin konbinatzen dira laborategian. Kontrol esperimental honi esker, baldintza fisiologikoetatik hurbil azter daitezke garuneko ehunaren egitura eta funtzionamendua.
Garunaren konplexutasun estrukturala xehetasun-maila horrekin aztertzeko aukera izatea garrantzi handiko jauzia da. “Lehen ikusezinak ziren alderdiak ikus ditzakegu orain, eta hobeto uler dezakegu nola konektatzen diren neuronak eta nola sortzen den garuneko jarduera”, gaineratu du Fierrok.
Osasunaren Munduko Erakundearen esanetan, gaixotasun neurologikoak dira munduko desgaitasunen kausa nagusietako bat, eta ehunka milioi pertsonari eragiten die. Adibidez, munduan 8,5 milioi pertsonak baino gehiagok dute Parkinsonen Gaixotasuna (OME, 2022). Datu horiek datu agerian uzten dute gaixotasun horiek ulertu eta tratatzeko bidean aurrera egiten lagunduko duten ikerketen garrantzia.
.png)
