Berriak

Zientzia Euskadin Txostena 2020

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea, Amaia Esquisabel Ikerketa Zuzendaria eta Fernando Cossío Ikerbasque-ko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2020 Txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

IKERBOOST, Ikerbasque-ko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. “Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz”, Fernando Cossío Ikerbasque-ko zuzendari zientifikoaren esanetan.

Txostenari buruzko datu aipagarrienetarikoak:

  • 2019an, 6.657 artikulu argitaratu dira Euskadin, eta horrek esan nahi du ekoizpen zientifikoa aurreko urtean baino % 6,3 handiagoa izan dela, azken bost urteetan hazkunde handiena.
  • 2018an I+Gn inbertitutako 1.423 milioi euroko kopuru historikorik handienarekin, aurreko urtearekiko % 4,4ean gaindituz, Euskadi da I+G jardueretan BPGaren portzentajerik handiena inbertitu duen autonomia-erkidegoa, % 2 inguruko inbertsioarekin.
  • 2018an, 20.250 ikertzaile zeuden Euskadin, aurreko urtean baina % 4 baino gehiago, eta horrek esan nahi du Euskadiko biztanleria aktiboaren ia % 2ak ikerketan diharduela, Espainiako autonomia-erkidegoen artean altuena izanik.
  • Kopuru absolutuetan, Euskadiko kalitate altueneko ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin da azken hamarkadan, azken urtean % 8a handitu delarik. Hazkunde honi esker, 2019an ekoizpen zientifikoaren % 59a lehen mailako aldizkarietan argitaratu da.
  • 2020ean Euskadin 17 ERC proiektu daude abian, aurreko urtean baina 2 proiektu gehiago, eta honela inoiz izandako kopuru altuena lortu da. ERC proiektu hauek bikaintasun zientifikoa adierazten dute, hau Europar Batasunak lehen mailako ikertzaileei emandako finantzaketa baita.
  • Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria da H2020 europar programaren biztanleko itzulkinari dagokionez. 2019ean 160 milioi euro lortu duelarik, 2014-2019 epealdian 690 milioi euroko erakarpena izan du Euskadik.

Zientzia Euskadin Txostena 2020 osoa deskargatzeko:

Zientzia Euskadin Txostena 2020