
Edurne Rujas eta Pablo Carravilla Ikerbasqueko ikertzaileak buru dituen talde zientifikoak lanean dihardu, ingeniaritza molekularraren bidez antigorputz optimizatuak diseinatzeko asmotan, izan ere, estrategia honen laguntzaz, birus horren aurkako borrokaren erronkarik handienetako bat gainditu nahi dute: birusaren aldakortasun handia.
Antigorputzek GIBaren eskualde kontserbatu batekin nolako elkarreragina duten ikertzea da proiektuaren ardatza, horien neutralizazio-ahalmena baldintzatzen duten giltzarrizko aldeak identifikatuz, antigorputz hobetuak diseinatzeko eta informazio hori txerto eraginkorragoen garapenean erabiltzeko. “Ia aldatzen ez diren birusaren eremuen aurreko erantzun immunitarioa indartzea da gure helburua, eta horrek atea irekiko du terapia iraunkorragoak eta txertaketa-estrategia berriak garatu ahal izateko”, azaldu du Edurne Rujasek.
Hori lortzeko, taldea super-bereizmeneko mikroskopia-aplikazio aurreratuak ere garatzen ari da, birusak eta antigorputzak bezalako partikula txikiak ikusteko modukoak. Tresna horiei esker, antigorputzak birusarekin nola batzen diren neurtu ahal izango dute, haien propietate biofisikoek prozesuari nola eragiten dioten ulertzeaz gain.
Ikuspegi honek, birus eta antigorputzen arteko interakzioari buruzko funtsezko ezagutza emateaz gain, tratamendu eraginkorragoak eta txerto berritzaileak diseinatzeko oinarriak ezarriko ditu. “Teknologia berri hauek oraintsu arte ikusezina zena bistaratzen lagunduko digute”, azpimarratu du Pablo Carravillak.
.png)
