
Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko siglen arabera) sortu zuen 2007an, Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, eta horretarako, laguntza ematen die ezagutzaren mugetan ikertzen jarraitu nahi duten edozein esparru eta nazionalitatetako ikertzailerik onenei. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigio handiko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenez geroztik, ERCk eragin nabarmena izan du Europako ikerketaren esparruan.
ERC Consolidator deritzon modalitateko deialdia 7 eta 12 urte bitarteko esperientzia zientifikoa duten ikertzaile bikainei zuzenduta dago eta ezagutzaren mugan etorkizunik handiena duten ideiak finantzatzea helburu dute. 2025eko deialdian emandako bi laguntza Euskadira etorri dira:
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroko Marina Kalashnikova ikertzailea laguntza entzutetsuen onuradunetako bat da. Kalashnikovak, “Haur-hizkuntza eta kognizioa” taldeko buruak, 2 milioi euroko finantzaketa jasoko du Europar Batasunaren aldetik, datozen 5 urteetan Bilingual LENS proiektua gauzatzeko. Jaiotzetik ingurune elebidunean dauden haurren hizkuntzaren garapen goiztiarrean eragiten duten faktore neurobiologikoak eta ingurumenekoak identifikatzea du helburu ekimen aitzindari honek.
«Munduko haur gehienak hizkuntza bat baino gehiago eskuratuz hazten dira. Hala ere, hizkuntza bereganatzeko moduari buruz dugun ezagutzaren zati handi bat haur elebakarrekin egindako ikerketetan oinarritzen da. Bilingual LENS proiektuak ikuspegi hau zalantzan jartzen du», azaldu du BCBLko adituak.
Hutsune zientifiko hau betetzeko, proiektuak luzetarako ikerketak egingo ditu Gipuzkoan jaio eta hazitako haurrekin, lehen egunetatik hizketa euskaraz eta gaztelaniaz entzuten dutenekin. Jarraipenak lehen hilabetetik 24 hilabetera arte iraungo du.
Bigarren laguntza Fernando González-Zalbak jaso du, Ikerbasque ikertzailea nanoGUNEn eta ingeniari nagusia Quantum Motion-en. Dirulaguntza horrek QuDos proiektua finantzatuko du, puntu kuantiko erdieroaleen erabileran oinarrituko den ekimen berritzailea, ordenagailu kuantikoetarako kontsumo ultra baxuko mikrouhin bidezko qubiten kontrol- eta irakurketa-elektronika garatzeko. Ikerketak aplikazioak izan ditzake ere konputazio kuantikoaren modalitate guztietan erabiltzen den elektronika klasikoan, siliziozko qubitetatik haratago.
“Eskala erabilgarrian konputazio kuantikoa egiteko sistemak sortzeko erronka handienetako bat da elektronika klasikoak sortzen duen energia-disipazioa kudeatzea, qubitak kontrolatzeko eta irakurtzeko ezinbestekoa baita. Konputazio kuantikoaren modalitate guztiek aurre egin beharko dioten arazoa da hau, sistema integratu bat eraiki nahi bada”, azaldu du González-Zalbak. “Oso pozik nago gure proposamena hautatua izan delako; horri esker, puntu kuantiko erdieroaleak erabiliz erronka honi aurre egiteko eta siliziozko pieza bakarrean prozesadore kuantikoak eta elektronika klasikoa konbinatuko dituen pakete integratu bat garatzeko gure ideia aurrera eraman dezakegu”.
ERC Europako ikerketa aitzindarirako finantzaketa-erakunde nagusia da eta Ikerlariei proiektu berritzaileak garatzeko laguntzak ematen dizkie Europar Batasunaren barruan. Kalashnikovaren eta González-Zalbaren laguntzak 3.100 eskaera baino gehiagoren artean hautaturiko 349 Consolidator Grant-etako bi dira, eta Horizon Europe programaren bidez finantzatzen da.
Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan, "ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, bereziki han-hemenka dauden nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeak eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiak kontuan hartuta".
.png)
