
Donostian kokatutako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak asmo handiko ikerketa proiektu bat hasi zuen 2025ean, Europako Batzordeak finantzatuta, elebitasunak dislexiaren aurkako hesi babesle gisa duen rola aztertzeko.
Aurretiazko azterlanek zantzuak ematen dituzte ildo horretan. Euskara eta gaztelaniazko haur elebidunekin egindako esperimentu batean, txikitatik ingurune elebidun baten eraginpean egon zirenek irakurketan errendimendu hobea izan zuten. Bestalde, literatura zientifikoan antzekotasunak aurkitu dira elebidunen eta dislexikoen garun-egituraren artean.
«Bibalance» ekimena paradoxa horretan argi pixka bat emateko erronkarekin jaio da, 5 urte iraungo duen ikerketa baten bitartez. Gaur egun, Haur Hezkuntzako azken urtean dauden eta ahaide dislexikoak dituzten euskara eta gaztelaniazko haur elebidunak biltzeko fasean dago.
«Gure datuen arabera, ingurune elebidunetan hazten garenean, eta haur garenetik testuinguru berean hizkuntza desberdinen eraginpean gaudenean, gure garuna modu desberdinean garatzen da eta irakurtzeko gaitasunak hobeak dira. Gaur egun, esposizio horrek dislexia garatzeko arriskua arintzen ere lagun dezakeela frogatu nahi dugu», nabarmendu du Marie Lallierrek, Ikerbasque ikertzaile eta BCBLko «Neurohezkuntza eta garapen-nahasmenduak» taldeko buruak.
Boluntario txikiek hiru etapatan joan beharko dute zentrora: Haur Hezkuntzako azken urtean, Lehen Hezkuntzako lehen mailan eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailan. Ziklo bakoitzean, beren ezaugarrietara egokitutako hiru proba-saio egingo dituzte.
Bertan, filmak ikusi edota ipuinak entzungo dituzte garun-seinalea erregistratu bitartean, zentroko laborategiko neuroirudi-teknika ez-inbaditzaileen bidez. Teknologia horiek, magnetoentzefalografiak adibidez, aukera emango diete ikertzaileei ikusteko, denbora-bereizmen handiarekin, nola erantzuten dien garunak hizkuntza-estimuluei.
«Haur bakoitzaren garun-egituraren argazki bat hartuko dugu substantzia zuria —konexio neuronalak— aztertu ahal izateko, nola dauden eta nola garatzen diren, eta horiek elebitasunarekin eta, jakina, irakurketa eta hizkuntza trebetasunekin loturik dauden jakiteko», azaldu du Lallierrek.
Gainera, hizkuntza-ataza eta arreta-jolas batzuk garun-jarduera neurtzen duten makina horietatik kanpo egingo dira, hainbat trebetasun kognitibo eta hizkuntza-gaitasun ebaluatzeko balioko dutenak. Probek adingabeen dislexia arrisku genetikoa aztertzen lagunduko diote BCBLko taldeari.
«Neurri handiagoan edo txikiagoan, denok dugu arriskua ikaskuntzan zehar dislexia bezalako irakurketa-arazoak garatzeko. Eta arrisku hori, neurri batean, genetikoa da», gaineratu du Marie Lallierrek.
Gure erronka dislexia-arriskua duten haurrek etorkizuneko hizkuntza-zailtasunetara egokitzeko garatuko dituzten konpentsazio-estrategia goiztiarrak aurkitzean datza.
Bi proiektu uztartuta
Datuak biltzeko prozesuan, beste adin-tarte eta profil batzuetara zabaltzen joango dena, Marie Lallierren proiektuak bere indarrak batuko ditu Europako Batzordeak finantzatutako BCBLren beste ekimen batekin.
Donostiako zentroko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreirasen gidaritzapean, «Cortical Rhythms» proiektua dislexiaren adierazle goiztiarrak identifikatzera bideratuta dago, hau da, irakurtzeko eta idazteko prozesuan eragina izan aurretik hura detektatzen laguntzen duten seinaleak antzematera.
«Oro har, irakurketaren ikaskuntza formalaren aurretik dislexia arriskua aurreikustea ahalbidetuko duten garun-markatzaile goiztiarrak identifikatzea espero dugu, baita etorkizunean dislexia-diagnostikoak saihestu lezaketen konpentsazio-estrategiak ulertzea ere. Aurkikuntza horiek detekzioak zein esku-hartzeak aurreratu lezakete, hezkuntza eta terapia-estrategia pertsonalizatuak diseinatzen lagunduz», ondorioztatu du Lallierrek.
Parte hartu nahi duten familiak BCBLrekin jar daitezke harremanetan m.paniego@bcbl.eu posta elektronikoaren bidez, 943 309 300 telefono-zenbakiaren bidez edo WhatsApp bidez 664 424 461 zenbakian.
.png)
