Berriak

Euskadi ikerketarako biztanleko Europako funts gehien lortzen duen erkidegoa da

Gaur goizean, BCAMen egoitzan —matematika aplikatuan ikertzen duen bikaintasuneko zentroa—, “Zientzia Euskadin Txostena 2025” aurkeztu da. Aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek hartu du parte. Berarekin batera Ikerketa Politikako zuzendariak, Amaia Esquisabelek eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa den Fernando Cossiok ere ere parte hartu dute.

Zientzia Euskadin Txostena 2025

Pérez Iglesias sailburuak txostenaren emaitzarik esanguratsuenak laburbildu ditu, eta nabarmendu du Euskadik ikerketa-ehun aberats eta anitza duela, unibertsitate publikoak gidatua; haren ekoizpen zientifikoa kalitatean oinarritzen dela batez ere, eta ez bakarrik bolumenean.

Txostenak Euskadik ikertzaileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez lortutako emaitza nagusiak jasotzen ditu, Ikerboost, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Behatokiak monitorizatutako adierazleen bidez.

Zientzia-jardueran gizarteak betetzen duen rola aztertzean, txostenak adierazten du 36.000 pertsona baino gehiago ari direla Ikerketa eta Garapenaren arloan lanean. Horietatik, 24.455 ikerketako zereginetan ari dira bereziki, Euskadiko biztanleria aktiboaren %2 baino gehiago ordezkatzen duelarik. Kolektibo profesional zabal honi esker, argitalpen zientifikoen kopuruak hazkunde nabarmena izan du: 2024an, Euskadik ia 8.200 urteko argitalpenetara iritsi zen-8.190 hain zuzen ere-. Gainera, ekoizpen ikertzaile honen kalitatea ere nabarmen hobetu da, lanen %64a prestigio handiena duten aldizkari zientifikoetan argitaratu baitziren, lehenengo kuartilean kokatzen diren aldizkarietan.

Ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzearen bilakaera ere garrantzitsua da, azken hamarkadan ia 15 puntu hazi baita: 2011n nazioarteko lankidetzako argitalpenen %40a izatetik, %55era 2024ean. Horrelako lanetan, Euskadiko ikertzaileek zeregin nabarmena dute, kasu askotan, egile nagusiak izanik. Emaitzak zabaltzeko, lankidetzan aritzen dira jakintza sortzen lider diren herrialdeekin — Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia —, bai eta munduko erreferentziazko ikerketa-zentroekin ere, besteak beste, Frantziako CNRSrekin eta Oxford eta Cambridge unibertsitateekin.

Emaitza onak lortu badira ere, txostenak zehazten du ikertzaileen kolektiboak izan duen hazkundeak ez duela genero-arrakala modu esanguratsuan murrizten lagundu. Horrela, 2023an emakumeen ehunekoa, dedikazio osoko baliokidea (EDP) kontuan hartuta, %35a justu gainditzen du, eta azken hamarkadan ez da hobekuntza-joera nabarmenik antzeman. Egoera horren aurrean, sailburuak azpimarratu du bai unibertsitate-ikerketari laguntzeko lau urteko programak, bai Ikerketa Kooperatiboko Zentroen (CIC) eta Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroen (BERC) 2026-2029 aldiko programek genero-oreka handiagoa sustatzeko neurri espezifikoak jasotzen dituztela.

Inbertsioa eta itzulkin ekonomikoa

Eustaten azken datuen arabera, Euskadik bere I+G inbertsio handiena lortu du, lehen aldiz 2.000 milioi euro baino gehiago gaindituz (%11,5eko gehikuntza). Kopuru horrek barne produktu gordinaren %2,35eko inbertsioa adierazten du eta Euskadi berriro ere I+G-ra gehien inbertitzen duen erkidego gisa kokatzen du.

Era berean, Euskadi da Horizon Europe programaren per capita itzulkinari dagokionez liderra den Autonomia Erkidegoa, 2024an 124 milioi euroko jasotzea lortu baitu. Azken 10 urteak erreferentzia hartuz gero, Euskadik 1.378 milioi euro erakartzea lortu du; finantzaketa hori berriro inbertitzen da programetan eta kontratazio berrietan zientzia-arloan.

Programa horren barruan, bereziki nabarmentzen dira Europar Ikerketa Kontseiluaren (ERC) laguntzak. Proiektu hauek nazionalitate eta adin guztietako ikertzaileei laguntzen diete ezagutza-mugara aurrera egiteko. Denborarekin, ERCak nazioarteko bikaintasun adierazle gisa sendotu dira, bai jasotzen dituzten proposamen kopuru handiarengatik, bai jasotzen duten ebaluazio-prozesu zorrotzagatik ere. Euskadin 57 ERC proiektu burutu dira, eta gaur egun 30 martxan daude, orain arte lortutako kopuru handiena.

Sektoreka egindako ekoizpen zientifikoari dagokionez, unibertsitateek Euskadin sortutako guztizkoaren %67 kontzentratzen dute. Horien artean nabarmentzen da EHU, euskal erakunde zientifiko nagusia, 2024an 4.500 inguru argitalpen indizatu lortuz. Unibertsitate-eremua eta gero, osasun arloa aurkitzen da, BERC zentroak, zentro teknologikoak eta CICak. Azken urteotan, unibertsitateen, BERC, CIC, osasun-eremuaren eta sektore teknologikoaren arteko lankidetza hazten joan da etenik gabe.

Azken hamarkadan, Euskadik ikertzen dituen arlo tematiko nagusiak mantendu egiten dira; gehien argitaratzen den arloa Medikuntza da, ondoren Ingeniaritza, Material Zientziak, Zientzia Computazionalak, Fisika eta Astronomia eta Kimika. Gainera, azken 10 urteotan Gizarte Zientzietan eta Humanitateetan produktibitatea hazkunde oso nabarmena izan du.

Era berean, aipatzekoa da Euskadiko ekoizpen zientifikoaren %7,3 inguru patenteetan aipatzen dela, ezagutza berria sortu eta aplikaziora igaro den denbora nahikoa pasa ondoren.