
Bizkaian kokatutako Biofisika Institutua erreferentziazko ikerketa-zentroak Europako abangoardia zientifikoan duen posizioa sendotu du, David Albesa Ikerbasqueko ikertzaileak ERC Advanced Grant bat lortu ondoren.
Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) Horizon Europe programaren barruan emandako ia 3 milioi euroko laguntza honi esker, bakterioek elkarren artean eragiteko eta lehiatzeko erabiltzen dituzten mekanismo molekularrak aztertzea xede duen T6S PoreMech proiektua garatu ahal izango da bost urtez.
Hartara, ikerketak VI. Motako Jariaketa Sistema (T6SS) deritzon sistema bakterianoaren funtzionamendua aztertuko du. Nanomakina horren bidez, bakterioek proteina toxikoak injekta ditzakete beste zelula batzuetan. Proiektuan, poroak sortzen dituzten toxinak karakterizatuko dira. Proteina hauek zelularen mintza zulatzeko eta helburuko zelulen barne-oreka aldatzeko gaitasuna dute.
Toxina horiek egoera aktiboan duten jokaerari buruzko ulermenean aurrera egitea da helburua, bakterioek beren armetatik babesteko erabiltzen dituzten mekanismoak barne. Horretarako, taldea biologia estrukturaleko eta abangoardiako biofisikako hurbilketez baliatuko da, kriomikroskopia elektronikoa bezalako teknikak barne, prozesu horiei buruzko maila atomikoko informazioa lortzeko.
Lortutako emaitzekin funtsezko ezagutza berria sortu ahal izango da mikroorganismoen arteko lehiari buruzko, estrategia terapeutiko berriak garatzeko oinarriak ezarriz, batez ere antibiotikoekiko erresistentzi gero eta handiagoaren arazoaren inguruan.
Oraingo aintzatespenaren ondorioz, Biofisika Institutua funtsezko eragiletzat posizionatu da bikaintasunezko ikerketan, eskakizunik zorrotzenak dituzten Europako programetan lehiatzeko gaitasunarekin. ERC Advanced Grant delakoak munduko laguntzarik ospetsu eta selektiboenen artean daude, eta arrisku nahiz eraldaketa-potentzial handiko proiektu zientifikoak finantzatzen dituzte.
.png)
