Berriak

ERC proiektu berria egoera solidoko sodio-bateria berriak garatzeko

Maria Forsythek, Ikerbasque ikertzailea POLYMATen, Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) lotutako polimeroen zientzia eta teknologiako zentroa, Europar Batasunak ematen dituen laguntzarik ospetsu eta lehiakorrenetako bat lortu du: Horizon Europe programaren ERC Advanced Grant. Laguntza hau ibilbide zientifiko sendoa duten ikertzaile adituei zuzenduta dago, eta ezagutzaren mugan, jakin-minak gidatutako proiektuak garatzeko askatasuna ematen die.

POLARIS izeneko proiektuak 3,5 milioi euro inguruko laguntza jasoko du, eta haren helburua energia-dentsitate handiko egoera solidoko sodio-bateriak garatzeko ezagutzan aurrera egitea da, zehazki “anodorik gabeko” bezala ezagunak diren baterietan.

Sodio-bateriak etorkizuneko teknologia gakotzat hartzen dira, sodioaren ugaritasuna dela eta, kobrea, kobaltoa edo nikela bezalako mineral kritikoekiko mendekotasun txikiagoa dutelako eta segurtasun-potentzial handiagoa dutelako. Hala ere, gaur egungo sodiozko gailuek litio-ioizko bateriekin alderatuta kilogramoko energia gutxiago metatzen dute oraindik (energia-dentsitate gisa ezagutzen dena), eta horrek eskala handiagoan aplikatzeko aukera mugatzen du.

POLARISek bi alderditatik egingo dio aurre erronka honi: alde batetik, egoera solidoko polimero-elektrolito berriak diseinatuz (sodio-ioien mugimendua bateriaren barrutik ahalbidetzen duen materiala), PolyILs izeneko likido ioniko polimeriko berrietatik abiatuta, hauek egonkortasun eta segurtasun handiagoa eskaintzen baitute; eta bestetik, elektrolito polimerikoaren eta korronte-biltzailearen arteko ukipena kontrolatuz, anodoa eratzeko. Hain zuzen ere, bertan dendritak sortu ohi dira, zeintzuk bateriaren bizitza erabilgarria laburtzen duten. Bilatzen den emaitza, beraz, segurtasunez, iraunkortasunez eta energia-dentsitatez hobetutako egoera solidoko sodio-bateriak dira.

Maria Forsyth

Maria Forsyth, Fisika eta Materialen Kimikan Doktorea (1990) Monash Unibertsitatean (Australia), gaur egun Ikerbasque ikertzailea da POLYMATen, CIC Energiguneren batzorde zientifikoko kidea eta Deakin Unibertsitateko (Australia) irakasle atxikia. 

Australiako Zientzien Akademiaren kide da (FAA), Royal Australian Chemical Instituteren kide (FRACI) eta International Society of Electrochemistryrena ere bada (ISE). Forsyth irakasleak energia-materialen ikerketaren abangoardian egin du lan 1990ean Fulbright beka lortu zuenetik, eta etengabe egin ditu aurkikuntza garrantzitsuak, besteak beste, elektrolito polimerikoen, likido ionikoen eta kristal organiko plastikoen arloan.

Bere ikerketak material hauen barruan gertatzen den karga-garraioaren fenomenoa ulertzera bideratu du arreta, baita aplikazio elektrokimiko guztietan presente dauden metal/elektrolito interfaseetara ere. 900 artikulu baino gehiagoren egilekide da, eta 56.000 aipamen baino gehiago ditu argitalpen zientifikoetan, 114ko h-indizea du (Google Scholar, 2025eko ekaina). Azken 10 urteetan 70 hitzaldi gonbidatu baino gehiago eman ditu, gehienak energia-materialei eta bateriei buruzko nazioarteko eta nazio mailako kongresu nagusietan. 17 patente ditu, eta DyNati Energie Pty Ltd startup-aren sortzaileetako bat da, hurrengo belaunaldiko bateria iraunkorrak garatzera bideratutako deep tech enpresa bat.