Berriak

Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euro gehiago inbertituko ditu 10 urtetan ikerketa arlo estrategikoak sustatzeko

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin batera, Ikur 2030 estrategia aurkeztu du, gaur goizean; Estrategia hau Hezkuntza Sailak jarriko du abian, bikaintasuneko ikerketaren eremuan. Ikur 2030 Estrategia Euskadiko zientzia-egitura indartzeko sortu da, nitxo zehatz batzuetan nazioarteko posizionamendua lortzeko. Apustu irmoa egiten du datozen urteotarako lau ikerketa-eremu estrategikoren alde, eta Hezkuntza Sailak 100 milioi euro inbertituko ditu eremu horietan. Honako hauek dira eremuak: Neurozientziak, Teknologia Kuantikoak, Neurotrionika eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala.

Ikur 2030 Estrategiaren aurkezpen-ekitaldian, era berean, Hezkuntza Sailaren mende dauden 9 BERC ikerketa-zentroetako (Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa-zentroak) ordezkariak izan dira, eginkizun eragile garrantzitsua izango baitute zentro hauek Ikur Estrategian.

“Jauzia egin”

Aurkezpenean, Bildarratz sailburuak Euskadik ikerketa-eremuan lortu dituen garapen-kota altuak eta gaitasun bikainak nabarmendu ditu; hori hala da, Euskadiko Unibertsitate Ekosistema osoaren lanari eta elkarlanari esker (unibertsitateak, BERC zentroak, Ikerbasque, Euskampus). “Erreferente gara eremu askotan, eta Euskaditik kanpora finantzaketa eskuratzea lortu dugu. Alegia: indartu egin gara, eta Euskadi erreferente da nazioarteko mailan. Baina harago joan nahi dugu”, azaldu du.

“Orain, nitxo zehatz batzuetan intentsitate handiagoz egin nahi dugu apustu. Geure burua gai ikusten dugu eremu zehatz batzuetan jauzi esanguratsua egiteko. Laburbilduz, gure gizarteari eta gure ekoizpen eta enpresa-egiturari lagundu nahi diegu, gure BERC zentroetan egunero egiten duten lanaren bidez, oinarrizko ikerketaren bidez. Euskadin egiturazko aldaketa lortu nahi dugu, zientziaren, teknologiaren, enpresaren eta gizartearen arloetan inpaktua izango duena, eta, horretarako, ibilbide luzeko ikerketa-ekimen enblematikoak sustatu. 2030era begira gaude. Denboran iraunkortasunez kontzentratuko ditugu baliabide eta ahaleginak”.

4 eremu

Ikur 2030 Estrategiak apustu irmoa egiten du lau eremu edo nitxo enblematikoren alde, une honetatik 2030era arte. Nazioarte-mailan zientzia-ekimen nagusiekin eta ikerketa-ildoekin bat datorren erabakia da. Mundu mailan egiten den apustua da eremu horien aldekoa, erronka globalei erantzuteko duten ahalmena kontuan hartuta, eta Euskadik gaitasun bereziak ditu eremu horietan.

Ikur-en lau eremu estrategikoak eta haien sektore edo aplikazio-arloetako batzuk honako hauek dira:

  • Neurobiozientziak: besteak beste, zahartze osasungarriaren edo medikuntza pertsonalizatuaren inguruko aplikazio-sektoreekin.
  • Teknologia Kuantikoak: besteak beste, teknologia aeroespazialean edo telekomunikazioetan aplikatzekoak.
  • Neutrionika (neutroien eta neutrinoen fisika barne hartzen du): hainbat eremu, hala nola industria biomedikoa, energiaren biltegiratzea edo ingurumena.
  • Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala: besteak beste, industria adimenduna edo energiaren eremua
Inbertsioa eta inpaktua

Apustu honek inbertsio handiak ere behar ditu, bai azpiegituretan, bai ikertzaileak erakartzeko, bai nazioarteko proiektuetan parte hartzeko. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak, datozen hamar urteotan, 100 milioi euro gehiago bideratuko ditu Sailaren aurrekontuetara. Baina 2021-2030 aldian mobilizatutako inbertsioa, guztira, 280 milioi eurokoa izan daiteke, beste proiektu batzuekin konektatuz eta beste eragile batzuen atxikimendua lortuz, besteak beste enpresa pribatuak, beste administrazio batzuk edo nazioarte-eremuko eragileak.

Ikur estrategiari esker aurreikusten den inpaktua ere, 2030a jomuga izanik, esanguratsua da:

  • Beste 400 ikertzaile gehiago kontratatzea
  • 4.000 argitalpen indexatu baino gehiago
  • 30 patente baino gehiago ustiapenean
  • 20 enpresa baino gehiago sortzea
  • 350 milioi euro baino gehiago fakturatzea
  • 200 lanpostu inguru sortzea
BERC zentroen eginkizuna

Euskadiko 9 BERC zentroek (Basque Excellence Research Centre), Hezkuntza Sailaren mendeko direnek, eginkizun eragilea eta erabakigarria izango dute Ikur Estrategian. Estrategiak BERC zentro bakoitza Ikur-en identifikatutako 4 eremuetakoren batekin lotzen du –ikerketa lana zer zientzia-eremutan egiten duen kontuan hartuta–. Baina hori hasierako argazki bat da, eta, estrategia garatu ahala, aldatzen joan daiteke, eta BERC zentroak orain identifikatzen ez diren beste eremu batzuetan inplikarazten, sinergiak sortuz doazen neurrian.

BERC zentroek oinarrizko ikerketa egiten dute; Heldutasun Teknologikoko Mailaren eskalan, oinarrian dago. BERC zentroek betetzen duten ikerketa-lan horretatik abiatuta, helburua da haren lanaren intzidentzia eskala horretan igotzen joatea, zientzia-eragileen bidez, harik eta gure enpresek BERC zentroek garatutako ikerketaren onura eskuratzea lortu arte (ikerketa aplikatua, garapen esperimentala edo berrikuntza).

Bestalde, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak ere eginkizun garrantzitsua izango du Ikur Estrategian: maila goreneko zientzialariak erakartzeaz arduratuko da, estrategiaren parte izan daitezen, eta BERC zentroetara bideratuko diren funtsak kudeatzeaz ere arduratuko da. Era berean, Euskampus Fundazioak Hezkuntza Sailarekin eta Ikerbasquerekin jardungo du elkarlanean plangintza estrategikoan eta Ikur-en segimenduan eta ebaluazioan.