Berriak

Haurren erditze seguruagoa lortzeko teknologia disruptibo berria

Erditzean haurren arrisku fisiologikoak uneoro denbora errealean kontrolatzeko aukera ematen duen teknologia berri ez-inbaditzaile bat garatu du nanoGUNEko Nanoingeniaritza Taldeak. Teknologia horrek erabaki azkarrak hartzen laguntzen die obstetrei, eta, horrenbestez, mundu osoan egiten diren zesarea kopurua gutxitzen.

Jaioberrien heriotza-kopurua 4 milioikoa da mundu osoan, eta horietatik % 23a asfixia perinatalak eragiten ditu. Zesarea bat egiteko erabakia, batez ere, pH-aren eta odoleko laktatoaren azterketa inbaditzailean oinarritzen da. Azterketa hori egiteko, fetuaren buru-azaleko odol-lagina erabiltzen da. Gaur egun erabiltzen den metodoak ez duenez modu jarraituan funtzionatzen, eta gainera, neurketak egiteko denbora luzea behar denez, akats ugari gertatzen dira. Zesareen tasa nabarmen altua da; jaioberri kaltetuen kopurua, berriz, ez da aldatzen. Munduko Osasun Erakundeak (OME) % 15eko zesarea-tasa ez gainditzeko gomendioa egin arren, munduko batez bestekoa % 22 ingurukoa da, eta zenbait herrialdetan % 40ra ere iristen da. Era berean, OMEk dio zesareen tasak % 10etik gorakoak badira ere, ez dutela zerikusiritk amen eta jaioberrien heriotza-tasekin, kontrakoa baizik.

"Gure teknologia Raman espektroskopiaren —espektroskopia horrek zunda espezifikoak ditu aplikazio bakoitzerako— eta aldaketa edo anomalía fisiologikoen irudi sistemikoa kontuan hartzen duten makinak ikasteko duten algoritmo multiparametrikoen konbinazioan oinarritzen da; egungo teknologian, berriz,  parametro bakar bat, pH-a edo laktatoa adibidez, da, erabakiak hartzeko oinarria", azaldu du Andreas Seifert ikerbasque ikerlaria eta nanoGUNEko Nanoingeniaritza taldeko arduradunak. "Raman espektroskopia bibrazio-espektroskopia oso espezifikoa da —dio—, eta parametro biokimikoen aldaketak zuzenean edo zeharka detekta ditzake. Makina bidezko ikaskuntza erabiliz eta aldaketa biokimiko guztiak kontuan hartuz, askoz ere sailkapen sentikorragoa eta egonkorragoa lortzen da egoera patologikoetan eta asfixia perinatalarekin lotutako parametro espezifikoen iragarpenean". "Gure teknologiarekin —dio Andreas Seifertek— zesareak eta erditzeko garaian osasunerako arriskuak gutxitu ahal izango lirateke; baita horrek guztiak dakartzan administrazio-kostuak eta gizarte- eta lege-ondorioak ere".

Ion Olaetxea ikertzailea bere doktore-tesiaren baitan ari da proiektu hau garatzen, eta teknologiaren ezaugarri berritzaile eta bereizgarriak azpimarratzen ditu: "Ez dugu zuzeneko lehiakiderik aurkitzen. Denbora errealean eta inolako etenik gabe egiten dugun monitorizazio ez-inbaditzaileak lehiarako abantaila nabarmena ematen digu, eta hain zuzen ere horrek bereizten gaitu gaur egungo diagnostiko-metodoetatik".

Arrisku perinatala gertutik jarraitzeko ideia proiektu bateratu batean sortu zen. Proiektu hori 2017an hasi zen, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuarekin batera, eta fisikariz, biologoz, kimikariz, ingeniari biomedikoz eta obstetrez osatutako diziplina anitzeko talde batek parte hartzen du. Egitasmoaren helburua da gailu optiko bat eta datuak aztertzeko software espezifiko bat garatzea; halaber, in vivo eta in vitro esperimentu sistematikoak garatuko dira. Ainara García nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren arduradunak dioenez, "teknologia patente-eskaera baten bidez babestuta dago orain, eta prestatze-maila ona du, eta horrek inbertitzaile pribatuak erakartzen ditu". "Arrisku-kapitalen intereseko deiak jasotzen ari gara, gure teknologiak erakartzen dituenak", erantsi du. Gainera, "BBK Venture Philanthropy programaren 1. fasera pasa da teknologia - BBK Venture Philanthropy programaren helburua da espiritu ekintzailea eta gizartean eta ingurumenean eragina duen inbertsioa sustatzea Bizkaian -, eta erakutsi du merkatua prest dagoela metodo konbentzionalen alternatibak xurgatzeko", azaldu du Garcíak. "Erditzean bai amek eta bai haurrek etekina aterako diote gure garapen teknologiko honi”, nabarmendu du nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren arduradunak.

"Arreta obstetrikoan aplikatzeaz gain, teknologiak ahalmen handia du beste gaixotasun batzuetarako, hala nola sepsia, nekea, minbizia edo gaixotasun infekziosoak. Kirol-artikuluen industrian ere, bereziki lehiaketa-kiroletan, aplikazio-aukera handiak ikusten ditugu", dio Andreas Seifert-ek. "Raman zundaren diseinu optomekanikoa aldatuz eta sailkapen- eta erregresio-eredu berriak garatuz, irtenbide espezifikoak egin daitezke aplikazio bakoitzerako", erantsi du.