
BioScience aldizkarian gaur argitaratu den nazioarteko ikerketa berri baten arabera, Lurreko sistema klimatikoa ezegonkorra bihurtzen ari da ziztu bizian, eta aldaketa sozial garrantzitsuen zantzuak atzeman daitezkeen arren, ekintza zabalagoa eta bizkorragoa behar da.
«Klimaren egoera 2026an: erronkak eta aukerak» izenburuko txostenak, Lurreko klimari lotutako 16 adierazle monitorizatu ditu. Horietako zazpi muturreko maila errekorretan daude, eta beste batzuek txarrera egin dute. Horrek kezka sortu du berrelikadura-mekanismoen interakzioaren aurrean eta inflexio-puntu kritikoak gainditzeko arrisku gero eta handiagoaren aurrean.
“Desegonkortze azkarra diagnostikoa da orain, ez etorkizunera begira egindako ohartarazpena”, adierazi du William Ripplek, Oregoneko Estatuko Unibertsitateko irakasle emeritu ospetsu eta txostenaren egile nagusietakoak. “Giza jarduera, eta batez ere erregai fosilen kontsumoa, planetaren bizi-euskarriko sistemak gainkargatzen ari da”, ziurtatu du Unai Pascualek, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikerketa-irakasle eta txostenaren egilekideak.
Analisi honek, egileen esanetan, munduko liderrak eta politikak formulatzearen arduradunak bultzatu behar ditu, "giza-jarduerak klimari eragindako aldaketa arriskutsuen hainbat hamarkadatako proben gainetik beti bezala jarraitzearen alde mantendu den ikuspegia alde batera utz dezaten".
Gehieneko historikoak
Egun, karbono dioxido atmosferikoaren maila 428 partekoa da milioi bakoitzeko, azken 2 milioi urteetako beste edozein unetan baino altuagoa, eta industria-aroa hasi aurretik (XVIII. mendearen amaieran) erregistratutakoa baino % 50 handiagoa, gutxi gorabehera. 2026ko udan, inoiz dokumentatu tako tenperaturarik altuenak erregistratu ziren munduko eskualde askotan, eta munduko ozeanoen tenperaturek ere gehieneko historikoa izan zuten uztailean.
"Muturreko fenomeno meteorologikoak munduko eskualde askotan areagotzen ari dira, eta horrek argi erakusten du klima-aldaketak gero eta eragin handiagoa duela pertsonen eguneroko bizitzan", azaldu du Unai Pascualek. “Gero eta suntsitzaileagoak diren bero-bolada, uholde, lehorte, ekaitz eta baso-suteei aurre egin behar diegu, giza-bizitzetan, azpiegituretan, elikagaien segurtasunean, biodibertsitatean nahiz egonkortasun ekonomikoan eragindako galera gero eta handiagoak barne. Nolanahi ere, gertakari horiek ez dira hondamendi natural hutsak, baizik eta arrisku klimatikoen eta giza-sistema sozialen arteko interakziotik sortutakoak, arrisku eta kalteberatasunen banaketa zehazten duten baldintza sozialetako desberdintasunei jarraiki”.
Ikerketaren egileek nabarmendu dutenez, funtsezkoa da oraindik berotegi-efektuko gasen isurpenak murriztea, eta horrekin batera, azkar inplementatzeko moduko egokitzapen-neurrien alde egin dute, hala nola, hiri-hoztea, hezeguneak eta mangladiak lehengoratzea, baso-suteen aurreko prestaketa, uraren kontserbazioa, eguzki-energia banatua eta elikadura-sistema erresilienteagoak.
Haien hitzetan, bidegabekeria klimatikoa mundu mailako hedapena duen egiturazko arazoa da, eta horren eraginez, isurpen historikoen ardura gutxien duten komunitateak, bereziki Hegoalde Globalean eta uharteetako nazio txikietan, modu neurrigabean pairatzen ari dira dagoeneko klima-aldaketaren ondorioak.
“Soluzio klimatiko asko bideragarriak dira dagoeneko ikuspuntu teknikotik, eta gero eta lehiakorragoak kostuei dagokienez. Hala ere, klima-aldaketa elkarri lotutako sistema energetiko, ekonomiko, ekologiko eta sozialek bultzatutakoa denez gero, hainbat sektore eta eskala tarteko dituzten erantzun integratuen mende egon daiteke benetan garrantzitsua izango den aurrerapena”, ziurtatu du Ripplek. “Karbono-isurpen gutxiko iturriak munduko elektrizitatearen % 43 inguru sortzen ari direla, ‘Elektrizitatearen Aroa’ dei dezakegunaren sorreran egon gaitezke”, adierazi du Christopher Wolfek Oregoneko Estatuko Unibertsitateko doktoretza ondoko ikertzaile-ohi eta lanaren egilekide nagusiak. “Itxaropenerako arrazoi bat da, baina erregai fosilen erabilerak eta isurpenek maila errekorra lortzen jarraitu dute. Ondorioz, nahitaezkoa da trantsizioa izugarri bizkortzea”.
Era berean, Pascualek argi utzi du, “beharrezko isurpen-murrizketak lortu ahal izateko modu sistemikoan eraldatu behar direla energia-sorkuntza, kontsumo-ereduak, elikadura-sistemak eta lehentasun ekonomikoak, aurrerapenaren eta garapenaren paradigmak birkonfiguratzeaz gain. Eta hori guztia naturaren babesarekin lerrokatu behar da”.
Txostenaren ondorioak
- Berotze globalaren erritmoa bizkortzen ari dela dirudi, ia-ia bikoiztuz: 0,19 gradu Celsius hamarkada bakoitzeko 1970etik 2010era bitartean, eta ia 0,36 gradu hamarkada bakoitzeko harez geroztik.
- Aurreikuspenen arabera, udazken honetan El Niño fenomenoa oso bizia izango da, eta horrek nabarmen areago dezake hurrengo hilabeteetako berotze globala, 2026a inoiz erregistratu den urterik beroenetakoa bihurtzeko bidean jarriz.
- Groenlandiako glaziarren lodiera eta izotz-masa inoiz erregistratu diren mailarik baxuenetan daude. Azken hamarkadetan, Groenlandiako izotz-geruzak fusio-gertaera gogorrak izan ditu, eta horrek seiz biderkatzen lagundu du udako urtze-uraren bolumena.
- Munduko zuhaitz-estalduran suteen ondorioz izandako galera 10,8 milioi hektarea ingurukoa izan da 2025ean, Tennessee estatuko azaleraren parekoa, inoiz erregistratutako hirugarren kopururik handiena. Baso-suteetzan izandako hazkunde hori klima-aldaketaren ondorioa da, eta berotegi-efektuko gasen isurpen gehiagoren eragilea.
- Erregai fosilen kontsumoa % 0,9 handitu da 2025ean —petrolioa (+ % 1,0), ikatza (+ % 0,4) eta gasa (+ % 1,3) gehieneko historikoetara iritsiz— eta energiarekin lotutako karbono dioxidoaren urteko isurpenak 41 gigatonatik gorakoak izan dira lehen aldiz.
- Alderdi positibo batean, Brasilgo Amazoniako baso-soiltzearen tasak behera egin du ondoz ondoko lau urtez, eta eguzki-energiaren eta energia eolikoaren kontsumoak % 18 inguru egin du gora.
Hauexek dira txostenean parte hartu duten gainerako adituak: Jacob Bukoski, OSUko Baso Zientzien Fakultatekoa; Jillian Gregg, Terrestrial Ecosystems Research Associates-ekoa; Michael Mann, Pennsylvaniako Unibertsitatekoa; Johan Rockström, Klimaren Inpaktua Ikertzeko Potsdameko Institutukoa; Chi Xu, Nankingo Unibertsitatekoa; Sarah E. Perkins-Kirkpatrick, Australiako Unibertsitate Nazionalekoa; Thomas M. Newsome, Sydneyko Unibertsitatekoa; eta Anjal Prakash, FLAME Unibertsitatekoa.
.png)

