Berriak

Zientzia Euskadin Txostena 2022

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2022 Txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Euskadiko ekoizpen zientifikoa %3 handitu da azken urtean, urteko 7.846 argitalpen zientifiko kopururaino. Honek pandemia aurreko produkzioa baino %16 gehiago izatea suposatzen du. Euskadiren pisu erlatiboa etengabe hazi da azken hamar urteotan, eta 2021an, Estatuko ekoizpen zientifikoaren % 6,4 izan da. Euskadik bere ekoizpen zientifikoa ia bikoiztu egin du azken hamarkadan.

Era berean, dexente areagotu da argitalpenen kalitatea, eta hau bi alderdi hauetan islatu da: Ospe handienekotzat jotzen diren lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da Euskadin azken hamarkada honetan. 2021ean lehenengo aldiz ekoizpen zientifikoaren %60a baino gehiago lehen kuartileko aldizkarietan argitaratu da.

Bestalde, Euskadin, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, ikertzaileek lankidetzan dihardute munduko eragile zientifiko nagusiekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Euskadiko ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzea ia 15 puntu hazi da azken hamarkadan. Nazioarteko lankidetzaz landutako euskal argitalpenek 2011 urtean %40a zen eta 2021. urtean % 55raino igo dira. Nazioarteko lankidetza hauetan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak dira.

2020ko INEren datuen arabera, Euskadi da BPGren portzentaje gisa I+G jardueretan gehien inbertitzen duen Estatuko autonomia erkidegoa, % 2tik gora. Eustatek argitaratutako azken datuen arabera Euskadiko I+G inbertsio datuek % 10eko hazkundea adierazten dute aurreko urtearen aldean, 1.645 milioi eurora iritsi arte, inoizko daturik altuena.

Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria da Horizon Europe programatik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez. 2021. urtean 100 milioi euro baino gehiago erakarri zituen. Horizon Europe programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza arloko jardueretarako.

Programa honen barruan, berariaz aipatzeko modukoak dira ERC laguntzak, ikerketa ezagutzaren mugan jarraitu nahi duten edozein nazionalitatetako eta edozein adinetako ikertzaileei laguntzea xede dutenak. Egun, nazioartean aldarrikatutako bikaintasunaren adierazle bihurtu dira, horietara atxikitako proposamen kopuru handiari nahiz ebaluazio-prozesu zorrotzari erreparatuta. Euskadin, 42 ERC proiektu garatu dira guztira, eta horietatik 20 ERC indarrean daude orain.

Sektorekako ekoizpenari dagokionez, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 65 euskal unibertsitateei dagokie - UPV/EHU buru, 2021. urtean indexatutako 4.500 argitalpen baino gehiago dituela-, eta jarraian kokatuta daude osasun sektorea, BERC eta IKZ zentruak eta zentro teknologikoak. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak agertu dira (BERC eta CIC-IKZ zentroak). Gainera, unibertsitatearen sektorea, BERC, CIC-IKZ, osasun eta teknologiaren arteko lankidetza handitzen da urtez urte.

Azken hamarkadan, Euskadin gehien ikertzen duten arlo tematiko nagusiak mantendu dira; Medikuntza, Ingeniaritza, Materialen Zientzia, Fisika eta Astronomia eta Kimika. Gainera, azken 10 urteetan, Gizarte Zientzietan eta Giza Zientzietan produktibitateak hazkunde nabarmena izan du.

Ikerketa komunitatea

2020. urtean Euskadin, lehen aldiz, ikerketa lanetara dedikatzen diren pertsonen kopurua 21.300 baino gehiagokoa da. Lanaldi osoko ikerketen baliokidetasunean DOBn, 13.500 baino gehiago egongo lirateke, eta horrek ikertzaileen goranzko joera finkatzen du. Datu horiek adierazten dute Euskadiko biztanleria aktiboaren %2 baino gehiago I+G jarduerara dedikatzen direla, hau da, Euskadiko 100 langileetatik 2 pertsona ikertzera dedikatzen dira. Ehuneko honek, Euskadi Estatuan autonomia-erkidegoa liderra dela suposatzen du.

Ia 500 pertsonek defendatu zituzten doktorego-tesiak Euskadiko hiru unibertsitateetan 2020. urtean. Doktore-tesiak defendatzen dituzten gizonen eta emakumezkoen kopurua antzekoa bada ere, ikerketa-lana sendotzen duten emakumeen kopurua txikiagoa da. Emakumeen DOBak %35 baino ez da iristen.

Txostena deskargatzeko:

Zientzia Euskadin 2022 Txostena