Berriak

Aurelio Mateo Alonso, Zientzien Errege Akademiako kide urgazle

Aurelio Mateo Alonso, POLYMATeko eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque ikertzailea, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako euskaltzain urgazle izendatu dute, Espainiako zientzia-erakunde ospetsuenetako bat.

Izendapenak aintzakotzat hartu eta aitortu du doitasunezko polimeroen sintesian (grafenozko nanozintak eta sare kobalente organikoak kasu) egin duen nazioarteko ibilbide nabarmena, izan ere, eremu horietan, abangoardiako eta intereseko ikerketak garatu ditu elektronika molekularraren arloan. Egun, Aurelio Mateo Alonso Ikerbasqueko Ikerketa irakaslea da POLYMATen eta Euskal Herriko Unibertsitatean. 100 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko ikusgarritasun handiko aldizkari zientifikoetan, doktorego aurreko zein doktorego ondoko 50 ikertzaile inguru zuzendu ditu, eta estatuko nahiz Europa mailako finantzaketa jaso duten hainbat ikerketa-proiektu gidatu ditu, horien artean, ospe handiko ERC Consolidator Grant bat.

1847an sortu zenez geroztik, Zientzien Errege Akademiak ikerketa zientifikoa sustatu, ezagutza zabaldu eta Gobernuari politika zientifikoaren arloko aholkularitza ematea izan du eginkizun. Historian zehar, garrantzi handiko zientzialariak izan ditu Akademiako kide, Santiago Ramón y Cajal, Severo Ochoa, Margarita Salas eta José Echegaray tarteko direla.

Sarrera-ekitaldi solemnea datorren urtarrilaren 28an Madrilen egingo da, Akademiko Laguntzaileei harrera egiteko ekitaldiaren barruan, eta bertan jasoko du akademiaren domina.

Mateo Alonso irakasleak Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin zituen Kimika Organikoko lizentziatura (1999) eta masterra (2000). Ondoren, Kimikan doktoratu zen (2004) Londresko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Queen Mary Collegen. 2004tik 2009ra bitartean, doktorego ondoko ikertzailetzat lan egin zuen Triesteko Unibertsitatean (Italia). 2009an, ikerketa-karrera independentea hasi zuen Friburgoko (Alemania) Ikasketa Aurreratuen Institutuan, taldeko lider bezala. 2012az geroztik, Material Molekularren eta Supramolekularren taldeko buru dabil POLYMATen eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Urte hauetako ikerketa-jardunaren esker onez, hainbat sari lortu ditu estatuan zein nazioartean: Triesteko Unibertsitateko Ikertzaile Gazteen Saria (Italia 2007); Friburgoko Unibertsitateko Eugen-Graetz Saria (Alemania 2009); Espainiako Kimikako Errege Elkarteko Ikertzaile Gazteen Saria (Espainia 2011); AEBetako Elektrokimikako Elkarteko Nanokarbonoen Dibisioaren Ikertzaile Gazteen Saria (AEB 2012) eta Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Ikerkuntza Bikaintasunaren Saria (Espainia 2021).