Berriak

Bizitza heriotzaren ondoren (neuronentzat)

Neuronen heriotza garunaren zahartzearekin eta gaixotasun neurodegeneratiboekin lotu ohi dugu, baina neurona gazteei ere eragiten die. Sarritan, neurona jaioberriak garuna garatzen den bitartean hiltzen dira, modu programatuan hil ere, suizidio zelularra bideratzen duen “apoptosia” deritzon mekanismoak kontrolatuta. Hilerri bihur ez dadin, garunak hilotzak kentzeko mekanismo arras eraginkorra erabiltzen du: mikrogliako zelulak. Pío del Río Hortega valladolidtarrak duela 100 urte aurkitu zuen mikroglia arduratzen da hildako zelulak “jateaz”, “fagozitosia” deritzon prozesuaren bitartez.

Nolanahi ere, fagozitosia ez da soilik inguruko neuronen gaineko kaltea saihestea xede duen hondakinen bilketa pasiboa, Achucarro neurozientzien euskal zentroari, Ikerbasque fundazioari eta Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako Jorge Valero eta Amanda Sierra ikertzaileak buru dituen nazioarteko ikerketa batek frogatu duenez. Aitzitik, hildako neuronen fagozitosia bizirik jarraitzen duten neuronen osasunari eta funtzioari zuzen-zuzenean eragiten dien prozesu aktiboa da.

Sabanan, zebra bat hiltzen denean, saiak eta gainerako hegazti sarraskijaleak arduratzen dira hilotzak kentzeaz, eta horien gorozkiek zorua ondu eta landareei hazten laguntzen diete, beste zebra batzuk elika daitezen. Garunean ere, mikrogliak neuronen bizi-zikloa ixten du.

Prozesu hau ikertzeko, ikertzaileek arreta berezia eman zioten, helduen garunean oroimen nahiz ikasketa prozesuetarako garrantzia handia duen hipokanpoa delako eremuko neurogenesi edo neurona berrien sorkuntzari. Eremu honetan, neurona jaioberri gehienak egun gutxiren buruan suizidatzen dira, eta mikrogliak berehalaxe bildu eta kentzen ditu. Neurogenesiaren erregulazioan fagozitosiak parte-hartze aktiboa izan zezakeela iradokitzen zuen lehenengo datua Iñaki París ikertzaileak lortu zuen, Kaliforniako Salk Institutuko eta Budapesteko Medikuntza Esperimentalaren Institutuko lankideek emandako fagozitosia blokeatzeko hainbat eredu genetikotatik abiatuta. Sagu horietan, zelula apoptotikoen fagozitosiaren murrizketa estu-estu lotuta zegoen neurona berrien sorkuntzarekin, eta horrek mikroglia fagozitikoaren eta zelula jaioberrien artean nolabaiteko komunikazio-seinale bat egon daitekeela iradokitzen zuen.

Hipotesi honetarako erantzuna Irune Díaz-Aparicio ikertzaileak erdietsi zuen. Mikroglia zelula apoptotikoekin elikatuz egindako kultiboko eredu baten laguntzaz, argi ikusi zuen, hondakinen bilketa pasiboa izan beharrean, fagozitosia egundoko prozesu aktiboa dela eta mikrogliari eragiten diola maila guztietan, genetikoetan nahiz metabolikoetan. Aldaketa horietan ageri zen sekretoma, mikroglia fagozitikoak jariatu edo askatutako molekula-multzoa, zelula jaioberriei zatitzen jarraitzeko ala neuronatzat bereizteko agindua ematen diena. Sekretoma hau da hipokanpoko mikroglia fagozitikoaren eta zelula jaioberrien arteko seinalea, neuronen bizi-zikloa ixteaz arduratzen dena.

Horren harira, ikertzaileek uste dute mikrogliak heriotzaren sentsorea balitz bezala jokatzen duela. Horrela, zelula jaioberri ugariren heriotza antzematen duenean, mikrogliak adierazten dio neuronak ekoizteko sistemari gehiegi sortzen ari direla eta ekoizpena gelditu behar duela. Aitzitik, heriotza gutxi dagoela antzematen duenean, geldialdia eteteko eskatzen dio, hipokanpoak neurona berri gehiago onar dezakeen heinean. Hortaz, ikerketa honen ondorio nagusiari jarraiki, mikroglia fagozitikoak neurona berrien sorkuntza moteltzen laguntzen du sekretomaren bitartez, bizitzaren eta heriotzaren arteko orekari eutsiz.

Ikerlan hauek garrantzi handia dute, gure garunak zahartzean, Alzheimerra, Parkinsona edo bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak gertatzen direnean, baita garuneko infartuaren edo epilepsiaren kasuan ere, neuronen heriotzari aurre egiteko erabiltzen duen modua ulertzeko. Gaixotasun hauetan, fagozitosia sustatzea garuna babesteko estrategia berri bat izan daiteke, ez bakarrik zelula hilen hondakinen garbiketa bizkortzeko, baita kaltetutako ehuna onera ekartzeko ere, mikrogliaren sekretomaren laguntzaz.

Informazio gehiago izateko: https://doi.org/10.1523/JNEUROSCI.0993-19.2019