
ACHUCARRO ikerketa-zentroak (Achucarro Basque Center for Neuroscience) Haurtzaroko Osasun Zerebralari buruzko dibulgazio zientifikorako kanal berri bat estreinatu du, UNICEF Euskadiko Batzordearekin lankidetzan aritzeko programa zabalago baten barruan.
Kanal hau ACHUCARROko zientzialari talde heterogeneo batek garatu du, Ikerbasque ikerketa-irakaslea den Amanda Sierra doktoreak gidatuta, Celia Martínez Pérez doktorearen eta Marco González Domínguez eta Joel Maldonado Teixidó doktoratu aurreko ikertzaileen laguntzarekin.
Lantalde honen eta informazio-kanalaren helburua da haurren hazkunde osasungarria sustatzea ebidentzian oinarrituta, arreta berezia jarriz garunak hazkunde horretan jokatzen duen paperean; besteak beste, ingurumen-estimuluen integratzaile gisa (hala nola nutrizioa edo loa), memoriaren eta ikaskuntzaren biltegi gisa eta gure osasun mentalaren arduradun gisa.
Horretarako, ACHUCARROk sarbide libreko eduki monografiko espezifikoak prestatu ditu, ebidentzia zientifiko eguneratuetan oinarrituta, gurasoentzat, hezitzaileentzat eta osasun-profesionalentzat interesgarriak izan daitezkeenak. Lehenengo monografikoaren izenburua "Obesitatea haurdunaldian eta haurtzaroan" da, eta bertan azaltzen da haurren garapenaren etapa goiztiarretan elikadurak zer eragin duen obesitatearen agerpenean eta epe luzerako ondorio kaltegarrietan. Materiala online dago eskuragarri, bai gaztelaniaz bai euskaraz.
UNICEF Euskadiko Batzordea- ACHUCARRO lankidetza
UNICEF Euskadiko Batzordeak eta Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa-zentroaçk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten uztailaren hasieran, baina lankidetza hori hilabete batzuk lehenago hasi zen modu informalagoan.
Akordio honen bidez, bi erakundeek Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako haurren eta nerabeen eskubide guztiak lortzen lagunduko duten ikerketa eta argitalpen bateratuak egiteko interesa erakusten dute, gizarte-errealitate unibertsala izan daitezen, eta printzipio etiko iraunkor eta nazioarteko jokabide-arau bihur daitezen.