Berriak

DNA babesteko eta tumore kimiorresistenteen aurkako terapiak garatzeko giltzarrizkoa den entzima baten egitura zehaztu dute

ADN dañado

Organismo guztiak informazio genetikoa kopiatu eta belaunaldi batetik bestera igortzeko gaitasunaren menpe daude bizirik iraun ahal izateko. Hala ere, zeluletako DNAk kalteak jasotzen ditu etengabe erradiazio ultramorearen eta naturako beste faktore batzuen eraginez, baita gizakiari lotutako faktoreen eraginez ere: industriako kutsatzaileak, kasu.

Nazioarteko ikerketa-talde batek, Biofisika Institutua (CSIC-UPV/EHU zentro mistoa) zuzentzen duen Iban Ubarretxena Ikerbasqueko ikertzailea tarteko, DNA polimerasa zeta entzimak nola funtzionatzen duen argitu berri du, izan ere, entzima honek giltzarrizko eginkizuna du zelula eukariotek DNA genomikoan gertaturiko lesioei aurre egin diezaieten. Hartara, ikerketa-taldeak entzimaren egitura atomikoa zehaztu du krio-mikroskopia elektronikoan oinarritutako teknika iraultzaile baten laguntzaz.

“Egitura zehazteak aukera paregabea eskaini digu entzima honek zeluletako genoma eraso metabolikoetatik zein ingurumen-erasoetatik babesteko duen garrantzia ulertzeko”, adierazi du Ubarretxena doktoreak.

Halaber, Nature Structural & Molecular Biology aldizkarian argitaratutako ikerlanean, taldeak jakinarazi du DNA polimerasa zetaren egiturak balio handiko informazioa eskain dezakeela biriketako, prostatako zein obulutegiko minbizia duten pazienteen tratamendurako, izan ere, honelako pazienteek zisplatinoan eta antzeko konposatuetan oinarritutako kimioterapiarekiko erresistentzia agertu dute maiz. Zisplatinoaren jardunak tumoreen DNA kaltetzeko gaitasuna du ardatz, eta tumoreak DNA polimerasa zetaz baliatzen dira lesio horien aurkako erresistentzia sortu eta bizirik irauteko. Ondorioz, entzima horren funtzioa blokeatu edo inhibituz gero, minbizi-zelula horiek kimioterapiaren ondorio terapeutikoaz profitatzeko aukera handiagoa izango lukete.

Argitalpen zientifikorako esteka: https://www.nature.com/articles/s41594-020-0476-7