
Ibilgailu elektrikoek gero eta distantzia luzeagoak egin, etxebizitzak energiaz beren kasa hornitu eta mugikor eta eramangarrien beharrezko birkarga-kopurua txikiagoa izateko aukera estu-estu lotuta dago bateria eraginkor, egonkor eta iraunkorragoen garapenarekin. Testuinguru honetan, CIC energiGUNE energia elektrokimiko eta energia termikoaren arloko biltegiratze eta bihurketarako erreferentziazko euskal ikerketa-zentroak aurrerapauso erabakigarria eman du teknologia horien merkaturatze-prozesua bizkortzeko.
Modelizazio konputazionaleko metodologia aurreratuen aplikazio integratuari esker, bateriak laborategian fisikoki fabrikatu baino lehen, zentroak horien errendimendua eta degradazioa aurreikusteko gaitasuna du dagoeneko. Aurrerapen honi esker, material eta konfigurazio berrien indarguneak eta ahuleziak aldez aurretik identifika ditzake, beharrezko saiakuntza esperimentalen kopurua murriztuz.
“Estrategia integratu honek atea ireki dio bateria berrien garapena nabarmen bizkortzeko aukerari, esperimentazio-bolumena murriztuz eta prototipoen diseinuaren eta fabrikazioaren arteko denbora ere goitik behera laburtuz”, adierazi du Javier Carrasco doktoreak, Modelizazio eta Konputazio Ikasketen Taldeko buru eta lanaren arduradunak.
Aurrerapen hori gauzatu ahal izateko, taldeak materiaren barruko atomo eta elektroien portaera aztertzen laguntzen duten kimika kuantikoko tresnak eta simulazio aurreratuak erabili ditu. Ikuspegi honek, zentroan bertan garatutako eredu elektrokimiko, termiko eta mekanikoekin batera, “esparru sendoa osatu du etorkizuneko baterietarako eta energia biltegiratzeko beste sistema batzuetarako emankorragoak, egonkorragoak eta jasangarriagoak izan daitezkeen konposatuak eta konfigurazioak aurreikusi ahal izateko”, adierazi du Oier Arcelus taldeko ikertzaileak.
Aurrerapen metodologiko hau giltzarrizko tresna da baterien industriaren erronka nagusietako bati aurre egin ahal izateko: degradazio-mekanismoak zerogarren minututik ulertu eta arintzea, lehenengo prototipoak fabrikatu baino lehen.
Montse Casas CIC energiGUNEko zuzendari zientifikoaren esanetan, “ibilgailu elektrikoek karga bakoitzeko kilometro gehiago egitea edo mugikorrek egunero entxufatu behar ez izatea nahi baldin badugu, bateriak diseinatzeko modua bizkortu behar dugu. Horixe da, hain zuzen ere, simulazio konputazionalak eskaintzen diguna: fabrikatu aurretik ere, bateria batek nola funtzionatuko duen aurreikusteko aukera. Gaitasun horrek urteak murrizten dizkio ikerketari, ehunka saiakuntza esperimental saihetsiz eta hobekuntza horiek guztiak azkarrago helaraziz herritarrei”. Gaitasun horien bidez, CIC energiGUNE Europako punta-puntako zentroen artean kokatu da, hurrengo belaunaldiko material eta osagaien diseinuan eskala anitzeko simulazioaren erabilerari dagokionez, enpresentzat, industriarentzat zein berrikuntza arloko eragileentzat duen erreferentziazko bazkide teknologikoaren eginkizuna indartuz.
.png)
