Berriak

Ikerbasqueko ikertzaileek Euskadira 37 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu zuten 2021an

2021aren amaieran, Ikerbasquek ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 170 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 80 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 62 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.484 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan. Era berean, 8 spin-off berri sortu zituzten. Enpresa-ekimen hauen jarduerak ikerketen bidez lortutako ezagutza eta emaitzetan oinarritutako prozesu, produktu edo zerbitzu berrien ustiapena du ardatz.

Ikerbasqueko ikertzaileek 2021ean lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 37.371.894 eurokoa izan zen (2020an baino 2 miloi euro baino gehiago). Kanpoko finantzaketaz landutako 940 proiektutatik (aurreko urtean baino 128 proiektu gehiago) hamabostek ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.323 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 35 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (186), italiarrak (30), alemaniarrak (14), britainiarrak (9), estatubatuarrak (9), errusiarrak (8) eta kanadarrak (6) eta, baina badira Europa, Amerika eta Asiako beste 28 nazionalitatetako pertsonak ere. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 75, emakumezkoen % 25aren aldean.

Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, % 50 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, % 22 medikuntza-zientzietakoak, % 15 ingeniaritza arlokoak eta % 12 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

2021an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak, Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa hautatu duela garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat. Ikerbasqueren proposamenak ebaluatu diren 148 proposamenen artean puntuaziorik altuena lortu du eta ondorioz 4 milioi euro jaso du hurrengo 4 urteetan Euskadin 36 ikertzaile berri kontratatzeko.