Berriak

Oroimenaren engramak aurkituak hipotalamoan

Garuna egitura biologiko konplexuena da eta ehunka milioi urtetan zehar eboluzionatu du biziraupena faboratzeko situazio arriskutsuak ekiditea bezalako ikasitako jokabide sinpleak burutzen zituzten sare neural sinpleenetatik. Memorien ekarpena biziraupenerako berebizikoa da, eta pentsatzekoa da, hortaz, elkarrekinez oroimenaren engramak osatzen dituzten zelula konstelazio hauek goiz agertu behar izan zirela eboluzioan.

Hala ere, memoriak hipokanpoan sortu eta ostean kortexean gordetzen direla da gaur egun gailentzen den dogma. Ikuspegi mugatu honek ez ditu gainerako garuneko egiturak kontuan hartzen, batez ere ikuspegi ebolutibotik zaharragoak diren egiturak, zirkuitu funtzional eta anatomikoen berrantolaketa dinamikoak erabiltzen dituztenak memoriak eratzeko eta gordetzeko.

"Neuron" aldizkarian argitaratu berri den artikulu batean, alor ezberdinetako ikerlari talde internazional batek, Mazahir T. Hasan Ikerbasque ikerlaria buru, oroimenaren "engramak" edo "zantzuak" ziurrenik ebolutiboki zaharrak diren garuneko egituretan ere sortu eta mantentzen direla argudiatu zuen, adibidez, hipotalamoan. Zientzialari hauek zelula mota zehatz batean jarri zuten itua, oxitozina (beldurra bezalako emozioekin lotutako garun-funtzioak kontrolatzen dituen neuropeptidoa) ekoizten duten neuronak, zehazki.

Talde honek metodo genetiko berri bat garatu zuen era hautakor batean ikasketan, memorien eraketan eta memorien berreskurapenean errekrutatzen diren neurona oxitozinergiko hauek markatzeko. Teknika hau erabiliz, hain zuzen ere, zirkuitu hipotalamikoetan testuinguruarekiko espezifikoak diren engramak sortu eta mantentzen direla aurkitu zuten, eta baita engrama-zirkuitu hauen perturbazioak izuarekin erlazionaturiko memorietan eragin nabarmena duela. Izuarekin erlazionaturiko memorien berreskurapen prozesuan hipotalamoan aktibatzen diren neurona oxitozinergikoak selektiboki markatzeko diseinaturiko etengailu genetikoaren laguntzarekin buruturiko esperimentuei esker iritsi ziren ikerlariak ondorio hauetara.

Markaturiko zelula hauetara, aktibitate neuronalaren manipulazioa ahalbidetzeko diseinaturiko proteinak helarazi ziren birusen bidez, ostean argi urdin bidezko kitzikapena burutuz zelula markatuak aktibatzeko (optogenetika deritzona) edo konposatu kimiko sintetiko baten bidez neurona hauek isilarazteko (kimiogenetika deritzona). Ikerlariek markaturiko zelula hauek aktibatu zituztenean, ingurune arriskutsupean geldi geratzea ikasia zuten animaliak mugitzen hasi ziren; hau da, izuaren adierazpena blokeatua zegoen neurona hauek aktibaturik zeudenean. Argi urdina itzaltzean, izuaren adierazpena bueltatu zen. Zelula markatuek bere baitan izuaren jakintza dutela erakusten du honek. Autoreek, ostean, aurkako esperimentua burutu zuten, engramaren parte diren neurona oxitozinergikoak isilaraziz. Horrela, zirkuitu bera "extinzio" deritzon prozesuaren bidez beldurra ezabatzeko ere beharrezkoa dela ikusi zuten. Aipatzekoa da ere zelula hauek plastizitate izugarria erakutsi zutela, oxitozina bidezko transmisio geldotik glutamato bidezko transmisio azkarrera aldatuz.

Aurkipen iraultzaile honek garunaren egitura ezberdinetan aurki litezkeen oroimenaren engramak ikertzeko ateak zabaltzen ditu, bai garunaren egitura ebolutiboki primitibo zein modernoagoetan. Izuaren zirkuitu anatomiko zein funtzionalak ulertuz, posible litzake giza garunaren gaitz ezberdinak tratatzea helburutzat duten estrategia berritzaileak garatzea, beldurraren oroimena patologiko bihurtzen denean hain zuzen, adibidez antsietate orokorrean eta batez ere trauma osteko estresaren gaitzetan.