
Gero eta konplexu eta eklektikoagoa den egungo munduan, funtsezkoa da zientzian aurrera egiteko ezagutzaren hainbat diziplinatako ikertzaileen artean sinergiak eta baterako guneak bilatzea, garatzen diharduten ikerlanetan aurrera egiten laguntzearren. Hori dela eta, Ikerbasquek Getxon bildu ditu Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten nazioarteko 200 ikertzaile helburu bikoitzarekin: Datozen urteetan Euskadin zientzia sustatzen lagunduko duten haien arteko baterako guneak identifikatzeko eta hurrengo urteetan izango dituzten erronken inguruan eztabaidatzeko.
Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntza Sailburuordea eta Fernando Cossio eta Miguel Angel Arocena Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa eta gerentea, arduratu dira jardunaldiari hasiera emateaz. Jardunaldiaren irekieran, Morais Sailburuordeak Ikerbasquek 18 urte bete dituela aipatu du, eta ibilbide honetan, 402 ikertzaile dituela, Zientziarako Euskal Fundazioa talentua erakartzeko programarik garrantzitsuena bihurtu dela nabarmendu du, bai Euskadin baita Estatu osoan ere.
Bestalde, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak ikerketaren aldeko apustuari eta arlo honetako inbertsioari eusteko beharra azpimarratu du. Epe luzean, ikerketak produktu eta zerbitzu berriak sorrarazten ditu, euskal enpresen lehiakortasuna hobetu eta aberastasuna eta enplegua sortu ahal izateko. Epe laburrean, ikerketa arloko inbertsioak berehalako itzulkinak lortzen ditu Euskadira erakarritako funtsen bitartez, eta hauek ere inbertsioa eta enplegua sortzen dituzte.
Jarraian, Ikerbasqueko ikertzaileek, lantaldeetan banatuta eta ikerketa arloan duten esperientzia zabalaz baliatuta, egun garatzen ari diren lan-ildoak aurkeztu eta beren-beregi nabarmendu dituzte egungo nahiz etorkizuneko ikerketak sustatzeko dituzten beharrak. Guztira 22 ikertzailek parte hartu dute, hainbat jakintza-arlori lotuta: minbizia, neuroendekapenezko eritasunak, teknologi kuantikoak, energia edota material berriak.