Berriak

Ikerbasqueko Patronatua berritu da

Ikerbasqueko Patronatua 2021eko azaroaren 23an bildu zen bere lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Jokin Bildarratz jauna, bertan zegoelarik. Bilera horretan, Fundazioko Patronatuak Juan José Álvarez Rubio, Jasone Cenoz , Jean Michel Uhaldeborde eta José Félix Martí Massó ordezkatuko dituzten patroi berrien izendapena onartu zuen, aurrekoei azken urteotan egindako lan bikaina eskertuz.

Hauek dira Ikerbasqueko Patronatuan sartu diren pertsonak:

Maribel Arriortua

Ingurumenaren edo energiaren alorrean hainbat aplikazio izan ditzaketen sistema multifuntzionalen ikerketetan aitzindaria, Unibertsitatean bertan trebatua eta 1992tik EHUko Kristalografia eta Mineralogiako lehen irakasle emakume titularra izan zen. UPV/EHUn katedra lortu zuten lehen emakumeetarikoa izan zen.

Arriortua irakasleak IMaCris/MaKrisI ikerketa taldea sortu zuen eta ingurumenaren eta energiaren alorretan aplikazioak dituzten sistema multifuntzionalen ikerketan aitzindaria izan da.

2010ean Ikerkuntza Euskadi Saria jaso zuen Zientzia eta Teknologia atalean.

Nekane Balluerka

Psikologian Lizentziatua eta UPV/EHUn Doktorea, gaur egun Gizarte-Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia katedraduna da UPV/EHUko Psikologia Fakultatean.

UPV/EHUko errektorea izan zen 2017 eta 2021 artean.

Bere ikerketa-lerroak ebaluazio psikologikoko tresnen kulturarteko garapenerako eta egokitzapenerako metodologian eta fenomeno psikosozialen azterketan maila anitzeko analisi-ereduen aplikazioan oinarritzen dira. Qualiker ikerketa taldea zuzentzen du.

José Luis Iriarte

Zuzenbidean doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, gaur egun Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Europar Batasuneko Jean Monnet Katedra.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Europako Konbergentziarako eta Erakunde Harremanetarako errektoreordea izan zen.

Nazioarteko merkataritza-arbitrajea, immigrazioa, Espainiako sistemaren barne-gatazkak, oinordetzaren nazioarteko alderdiak, nazioarteko lan-kontratua edo nazioarteko konpetentzia judiziala bezalako arloetan bideratu ditu bere ikerketak.

José Manuel Tuñón de Lara

Parisko Descartes Unibertsitatean eta Institut Pasteur-eko Bizi Zientzietan medikua eta doktorea, gaur egun Bordeleko Unibertsitateko Medikuntza katedraduna da.

Bordeleko Unibertsitateko errektorea da 2014tik, eta Frantziako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako presidentea 2020tik.

Asma eta alergien alorretan espezialista ospetsua, bronkioen hipererantzunbidearen mekanismoei buruzko ikerketa-jarduerak garatzen ditu. Bordeleko Unibertsitate Ospitalean ere jarduera klinikoa garatzen du berak zuzentzen duen arnas gaixotasunen sailaren barruan.

 

Ikerbasqueko Patronatuari buruzko informazio gehiago jasotzeko: https://www.ikerbasque.net/eu/gutaz/patronatoa